XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ITZULPENA GUREAN. Euskara xede nahiz iturburu hizkuntza bezala harturik egindako itzulpenen zerrenda

Zalantzak izan ditut era honetako aurreprojektu edo txosten batetan aipaturiko zerrenda sartu behar nuen ala ez.

Inoiz egin gabeko zerbait delako, gure itzulpenaren nondik norakoa eta kopurua ikusteko, eta etorkizun hurbilean ikasgaiak prestatzeko funtsezkoa izango delako, lan honi ekitea derriorrezko iruditu zait.

Aplikazio praktikorik izango du zerrenda honek euskal itzulpenaren historia bat burutzeko ezezik, itzulpen joera desberdinen antologia bat prestatzeko ere.

Zerrendaren mugak Zerrenda honen mugak nabariak direnez gero, ezin daiteke erabatekotzat har.

Alde batetatik, erabili ditudan iturburu bibliografikoak aski mugatuak izan direlako eta agian, hutsune bat baino gehiago beraietan gerta daitekeelako.

Lehen mendetakoa jasotzeko Literatur Historiez baliatu naiz eta A. Villasanteren Historia de la Literatura Vasca, (1979) liburuaz bereziki.

Gerra ondoko bibliografiarako, berriz, J.M. Torrealdayren Euskal Idazleak Gaur liburuaz eta azken hiru urteotako (77-79) liburuen zerrenda osatzeko biltzaile berak Jakin aldizkariaren zenbakietan eskainitako bildumez.

Beste alde batetatik, berriz, textu itzuli kontzeptuaren mugak aski lausoak direlarik (Catford-ek lau sail egiten ditu: full, partial, total eta restricted), ez da erraza gertatzen obra jakin bat noiz irteten den itzuliaren mugetatik moldatua edo laburtuaren eremuan sartzeko ere.

Garbi gera bedi erizpide zabalenaz baliatu naizela zerrenda hau prestatzerakoan.

Bestalde, bi hizkuntzaren edo gehiagoren baliakuntzaz burututako hiztegi eta gramatikak ere barnean sartu ditut, neurri batetan Catford-en definizioari lotzen zaizkiolako.

Azkenik, esan beharrik ez dago, zentzu bietan agertzen diren itzulpenak gogoan hartu ditudala: SH hizkuntzatzat erdara dutenak (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, grekoa etab.) eta euskara dutenak ere bai (gerraurreko poesiazko liburuen argitalpenetatik hasi eta azken aldi honetan ugalduz joan den joera berau), bai eta euskalki batetatik beste batetara egin diren egokipenak ere.

Beste saio batetan zerrenda hau osatzeari ekitean, aldizkarietan zehar dauden itzulpenak sistematikoki biltzea beharrezko izango da.

Jakina denez, RIEV, Euzko Gogoa... aldizkari zaharragoetan, eta Zeruko Argia, Anaitasuna... bezalakoetan eta azken aldiko egunkarietan ere itzulpenak eurrez aurkitzen baitira.